XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oihanaz gogoratzean irribarre agertu zen eguzkiak belztutako aurpegi gaztean.

Oihana ume garaitik neska laguna zuen eta laster, uzta bildu ondoren, harekin ezkontzeko zen.

Oihana bezalako neska eder eta leiala emaztetzat hartu ahal izateagatik zorionekotzat jotzen zuen Piarresek bere burua.

Herriko gazte guztiak inbidiatan zeuden, guztiek beraientzako nahi izango bait zuketen Oihana, eta Piarres, nahiz eta mutil umila izan, oilarra bezain harro jartzen zen besteen inbidiazko begiradak somatzean.

Batzuetan, harrotasuna jelosia bihurtzen zen, jai arratsetako dantzan Oihana beste mutilen batekin dantzan ikusten zuenean, nahiz eta jakin Oihana dantzan gustora ibiltzen zelako zebilela eta ez beste mutilengan interesik zuelako.

Mundua korritua zutenek, Oihana bezain neska ederrik ikusigabeak zirela esaten zutenean, irribarre zabal-zabala jartzen zitzaion aurpegian, ondo moldatutako hortz zuri bolikarak agerian utzirik.

Urte gutxiren buruan, bere umeak aldamenean izango zituelarik zainduko zituela begien aurreko galsoroak otu zitzaion.

Eguzkia horizonterantz hurbiltzen ari zen.

Laino mehe batzuk urratuta, oskorria zeruaz jabetzen ari zen eta laster, egunak bereak egingo zituen.

Aitzurra sorbaldaren gainean jarri zuen eta harantxoaren erdian, makal eta lizar artean, isurtzen zen errekarantz abiatu zen, bertako ur fresko eta gardenetan bustirik, eguzki galdatan eginiko lanak sortutako izerdia garbitzeko asmotan.

Oihana bere bila joatekoa zenez, garbi eta txukun egon nahi zuen.

Soinean zuen tunika erantzi eta makal luze baten aldamenean zegoen putzura jauzi egin zuen.

Uraren freskurak gorputzari erreakzionarazi zion eta indar berriz (...).